
ARKABIAk, Vita Fundazioaren kulturgune berriak, Dirdir estreinatuko du, film bakoitzerako berariaz sortutako interpretazioen bidez irudi zinematografikoa eta zuzeneko musika lotzeko sortutako jaialdia. Asmoa da urteroko hitzordu bihurtu dadila. Lehenengo edizio honek bost saio antolatu ditu, eta irailaren 26tik urtarrilaren 21era bitartean egingo da. Askotariko profiletako musikariak eta proiektuak bilduko ditu, egile kantutik eta folketik hasi eta musika elektronikara, pop esperimentalera edo diziplinarteko proposamenetaraino. Hitzorduak 20:00etan hasiko dira, eta sarrerak (10 €) eta jaialdi osorako abonuak (40 €) gaurtik aurrera eros daitezke www.arkabia.eus webgunean edo Posta kaleko 13-15 zenbakian duen egoitzan, astelehenetik igandera 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara (astearteetan itxita).



