
Berrogeita bigarren Araba Euskaraz ekainaren 19an itzuliko da Olarizura, Fundación Vital Fundazioaren babesarekin. Arabako zortzi ikastolek, "Ikastolen elkartea" osatzen dutenek, bat egin dute Argantzun ikastolaren eskutik, Argantzun ikastola Lehen Hezkuntzako Ikastetxea eraikitzen laguntzeko.
Argantzun ikastola
Arabako zortzi ikastoletan txikiena da Argantzun ikastola. 2003. urtean sortua, gogoz, ilusioz eta lan handia eginez ari da Trebiñu euskalduntzeko ibilbidea egiten.
Ordurarte etxean edo Trebiñutik kanpoko beste haurtzaindegiren batean zain egondako 11 familiak osatu zuten lehenbiziko promozioa. Urtez urte, handituz joan zen ikastola, eta Haur Hezkuntza osoa osatu zutenean, 40 ikasle izatera iritsi ziren. Hortik aurrera, kopuru horretan mantendu dira, 40 eta 50 ikasle artean.
Hanka bat Trebiñun eta bestea Sagastietan, ikastola hazteko bidea aurkitu zuen Argantzun ikastolak. Aurten, guztira 68 ikasle dituzte eta oso ikasturte berezia da ikastolarentzat, 6. mailako lehen ikasleak ikastolatik aterako direlako eta horrela Lehen Hezkuntzako etapa osoa lortuko duten lehenengo urtea izango delako.
Urteotan, ezinbestekoa izan dituzte ikastolaren komunitatearen konpromisoa, Euskal Herriko Ikastolen elkartasuna, eta baita herritarrena ere. Hiru Araba Euskaraz antolatu dituzte, eta laugarrena ere antolatzera doaz. Hain zuzen ere, Sagastietan ikastolaren eraikina egiteko erabiliko da aurtengo Araba Euskarazen ateratzen den etekina.
Informazio gehiago bere web orrian.