1. Hasiera
  2. Berakah

Despentsa solidarioa

Despentsa Solidarioaren proiektua Vital Fundazioaren eta Berakah-ren artean sinatutako akordioetako bat da. Jarduera doa kolektibo kaltetuenen gizarte bazterketaren prebentziora bideratua, berehalako erantzuna lortzen ez duten pertsonei laguntza emanez; izan ere, bere oinarrizko beharrizanak estaltzeko nahiko diru-sarrerarik ez duten familiei irtenbideak ematea da lankidetza horren helburua.

Irabazi asmorik gabeko saltokia da, janaria eta higiene produktuak eskaintzen dituena eta San Bizente parrokiaren atzeko aldean kokatuta dagoena. Tokia duela gutxi berritu dute eta orain hobeto prestatuta dago eta zerbitzu hobea eskaintzen du.

Produktuak merkatuko prezioan ordaintzen dituzten herritarren erosketa solidario horren bitartez, familia askok janaria eta premia biziko artikuluak prezio baxuagoan eros ditzatela ahalbidetzen da, euren diru-sarreren arabera. Prezioaren % 100 ordaintzen dutenek uzten duten irabazi-marjina beharrizan handiena duten familiei eskaintzen zaizkien deskontuetara bideratzen da.

Instalazioak eraberritu ostean, interesa duten pertsona eta erakunde guztiei Eskola kalean (San Bizente parrokiaren atzeko aldean) eurekin elkarlanean aritzeko aukera eskaintzen jarraitzen du Despentsak, asteazkenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 10:00etatik 13:00etara.

Despentsa Solidarioaren Makina

Erakunde biek pobreziaren eta desberdintasunen aurkako borrokarekin duten konpromisoaren ildotik datorren ekimen berria. Lankidetza berritzaile hori makina banatzaile bat instalatzean datza. Makina horrek, euro 1etik hasita, behar duten pertsonentzat, janaria dohaintzan ematea ahalbidetzen du, dohaintzan eman den janariaren irudia daraman kutxatxo baten truke.

Vitoria-Gasteizko El Boulevard merkataritza gunearen barruko aldean dago kokatuta eta laguntzeko interesa duten pertsonei dohaintza egiteko aukera anitz eskaintzen dizkie, euro batetik hasita hamar euroraino, aukeratzen dutenaren arabera, produktu bakarra izan daiteke edo janari sorta bat. Lortzen diren dohaintza guzti-guztiak Despentsa Solidarioa hornitzera bideratuko dira.

Informazio gehiago www.berakah.es webgunean.

Belen Etxea

Vital Fundazioak bultzatu eta finantzatzen duen eta Berakah-k kudeatzen duen Belen Etxean prekarietate egoeran dauden eta etxebizitza bat ordaindu ezin duten familiei eta adingabeak zaindu behar dituzten emakumeei ematen zaie lekua.

Egoitza partekatu bat da, aldi baterako, erabiltzaileen gizarteratze eta laneratzeko bidean beste urrats bat izan nahi duena. Instalazio hauetan dauden bitartean, gizarteratze eta laneratze-prozesuetan lagunduko dieten ohiturak indartzeko ahalegina egiten da, eta gizarte eta heziketa-arloko baliabideak eskaintzen zaizkie.

Familia bakoitzak Berakah elkarteko boluntarioen taldeko arduradun-tutore bat dauka, prestakuntza eta baliabide ekonomikoetarako sarbidea, adingabeen zaintza eta lana eta etxebizitza bilatzeko prozesua errazten diena. Horrez gain, haurrek eskola-laguntza jasotzen dute, eta, aldi berean, amak hainbat ikastaro edo hitzalditan parte hartu edo txango kulturalen bat egiten dute. Halaber, emakume zien gizonei hizkuntza ikasteko laguntza eta enplegagarritasun-ibilbidetarako sarbidea eskaintzen zaie.

Vital Fundazioaren lankidetza

Berakah programak Vital kutxaren Gizarte Ekintzaren laguntza ekonomiko garrantzitsua izan du historikoki. 2009az geroztik, erakundeak Berakahk-k garatutako proiektu multzoa finantzatzen lagundu zuen, gure lurraldeko kolektibo behartsuenen artean bazterkeria prebenitzeko: Betania zentroa, laguntza behar duen jende askorentzako erreferentzia gunea; Ain Karem etxea, amentzako eta seme-alabentzako egoitza; Belen etxea, familientzako egoitza; edo Tabgha Despentsa Solidarioa, besteak beste.

Vital Fundazioak Berakah-rekin duen urteko hitzarmenari eusten dio, programa horiek guztiak babesteko, eta noizean behin beste ekarpen batzuk egiten ditu unean uneko arazoak konpontzeko, hala nola Covid19ak sortutako krisiaren ondoren sortutakoak, betiere premia handiena duten pertsonei laguntzeko.