
Vital Fundazioaren Astearte Musikalek beste kontzertu bat dakarte bihar, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiarekin duten lankidetzaren eskutik. Oraingo honetan, Doka boskotea izango da Musikeneren ordezkaria, Gabriel Loidi pedagogo eta musikariaren babespean 2025ean jaiotako hari formazioa. Josep Alborchek eta Diego Melerok (biolinak), Adela Casasek (biola), Mariia Slaschevak (biolontxeloa) eta Iñaki Perisek (kontrabaxua) osatzen dute taldea eta ganberako errepertorioarekiko interes sakona dute guztiek. Errezitaldia 19:30ean hasiko da Vital Fundazioa Kulturunean (Bakea kalea 5, Dendarabako 1. solairua), eta Schubert, Klein eta Dvoraken lanak eskainiko dituzte.
