
Legutioko Triatloia - Trilegutio probak laugarren edizioa beteko du larunbat honetan, uztailak 5, eta 206 atletek eman dute izena. Gizonezkoen irteera 14:00etan izango da, eta emakumezkoena hamar minutu geroago, Zabalaingo parketik. Parte hartzaileek 1.500 metro egingo dituzte igerian Urrunagako urtegian, 40 kilometro egingo dituzte bizikletaz Otxandio eta Olaetako errepidetik, eta, amaitzeko, 10 kilometroko oinezko lasterketa egingo dute Legutioko kaleetan zehar.