
Vital Fundazioaren Berdintasun zikloak pertsona adina ikuspuntu dituen gai bat jorratuko du hurrengo hitzorduan: amatasuna. Eta Elena Díaz Barrigónek idatzi eta zuzendutako Madres/Amak komedia desesperatuaren eskutik egingo du. 75 minutuan zehar, emakume batek ama izatea edo ez izatea erabakitzen duenean aurrez aurre izango dituen gai eta beldur guztien inguruko hausnarketa egingo dute bost aktorek. Ikuskizun hori ARKABIAra iritsiko da Madrilgo Lara Antzokian hiru denboraldi eman ondoren eta ekainaren 26an ikusteko aukera izango da. Sarrerak bihartik aurrera eros daitezke www.fundacionvital.eus webgunean edo aurrez aurre ARKABIAn (Posta kalea 13-15), astelehenetik igandera 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara (astearteetan itxita).


