AldatzenHezkuntza programak


Haurtzaroan sexualitate osasuntsua eraikitzearen inguruko hezkuntza-lana egitea, eskolakomunitate osoa inplikatuz. Publizitateak, sare sozialak erabiltzeko moduak eta pornografiarako sarbidea txikitatik izateak aro berantiarragoei dagozkien bizipenak haurtzarora aurreratu daitezela eragin dute.
ALDATZEN sexu-hezkuntza
Programa honek, sortzetik, uste osoa du sexualitatea garapen osasungarriaren funtsezko elementua dela, bizitza osoan laguntzen diguna, eta gure nortasunean eta munduarekin dugun harremanean eragina duena.
Programan zehar, ikasleek, irakasleek eta familiek garapen psikosexualak hazkunde prozesuan duen garrantziaren inguruko hainbat gaitasun eta ezagutza eskuratzeko aukera izango dute, eta, horrela, eboluzio uneko etapa bakoitzeko erronkei irtenbidea aurkitzen lagundu diezaiekete.
Programa EDIRENeko psikologoek ematen dute.
Programaren helburuak
Helburu nagusia ikasleentzako sexu-hezkuntza integrala bermatzea da, hezkuntza-komunitate osoa modu aktiboan inplikatuz. Bere helburu nagusien artean, honako hauek nabarmen daitezke:
- Sexualitatearen kontzeptu zabala bereganatzea: Aurreiritzi eta estereotipo nagusiak identifikatzea eta zuzentzea.
- Autoezagutza eta onarpena sustatzea: Ikasleei beren gorputza ezagutzen, beren garapena ulertzen eta erritmo pertsonalak onartzen laguntzea, kanpoko presiorik gabe.
- Harremanen etika garatzea: Pertsonen arteko harremanetan genero-berdintasuneko, errespetuko eta erantzukizuneko jarrerak sustatzea.
- Gaitasun kritikoa: Zalantzan jartzeko espazioak sortzea, gizarte-ereduen, teknologia berrien eta pornografiarako sarbide goiztiarraren eraginaren aurrean.
- Arriskuen prebentzioa: Sexu osasunari erantzukizunetik, autozaintzatik eta elkarren zaintzatik heltzea.
Gure ikuspegia
Arrisku hutsean oinarritutako eredutik urrunduko gara, ikuspegi biopsikosoziala eta ebolutiboa hartzeko. Saio bakoitzean sexualitatea eraikitzen duten hiru elementu orokorretako bat lantzeko dago egituratuta programa hau: identitatea, gorputza eta desira.
Hiru elementu horiek testuinguruan kokatuta daude, bizi duten garapen-etaparen arabera. Gure iritziz, horiek aztertuz, pertsona bakoitza bere gakoak deskubritzen joango da, sexualitateaz gozatzeko eta ahalik eta modu osasuntsuenean eta libreenean bizitzeko, baina, era berean, erantzukizunez eta irizpide propioez jabetuko da, arriskurik gabeko sexualitatea garatzeko.
Beraz, saio bakoitzean pertsona sexuatuaren eraikuntza zeharkatzen duten hiru zutabe nagusietako bat landuko da:
- Identitatea: Nor gara? Zerekin identifikatzen gara? Nor izan nahi dut?
- Gorputza: Aldaketa fisikoak eta horiek sortzen dituzten emozioak ezagutzea eta onartzea..
- Desira: Gustatzen zaiguna aztertzea, afektuak kudeatzea eta harreman osasuntsuak eraikitzea.
Egitura eta hartzaileak
Hezkuntza komunitateko funtsezko hiru eragileri bideratzen zaie programa, eta esku-hartzea bakoitzaren beharretara egokituko da:
- Irakasleak (Prestakuntza): Berariazko prestakuntza-espazioa sortuko da zalantzak argitzeko, esku hartzeko irizpideak bateratzeko eta ikasleen garapen psikosexuala ulertzeko, lanketa horrek gaia ikastetxean zeharka lantzeko aukera eman diezaien. (2 orduko 3 saio).
- Familiak (Informazio hitzaldia): Informazio gunea sortzea, gaiari buruzko zalantzak, beldurrak eta kezkak argitzeko eta sexualitate osasuntsua eraikitzeko oinarriak partekatzeko. Horrela, seme-alaben hazkuntzan lagundu ahal izango dute, entzunez, ulertuz eta intimitatea errespetatuz. (ordu eta erdiko saio bat).
- Ikasleak (Zuzeneko esku-hartzea): Talde bakoitzaren bilakaera-unera egokitutako saioak egingo dira ikasgelan, ingurune seguruan eta epaitu barik, antsietateak, beldurrak eta jakin-minak adieraztea erraztuko duten baliozko solaskideak erabiliz.
- Lehen Hezkuntzako 5. maila: 2 orduko 2 saio
- DBHko 1. maila eta DBHko 3. maila: 2 orduko 3 saio
Eskaera
Arabako lurraldeko ikastetxe guztiek jarduera hau doan eskatu dezakete helbide elektroniko honetara idatziz: actividades@fundacionvital.eus eta informazio gehiago nahi izanez gero, 945 064 367 edo 945 064 355 telefonoetara deitu.
