1. Hasiera
  2. Formula Student Vitoria

Formula Student VitoriaEkintzailetza eta enplegu ekimenak

Informazioa

Luis Barreiro buru duen proiektuan, beste hiru kiderekin batera, lehiaketa-talde bat sortzea erabaki zuten 2018an Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolan. Taldearen oinarriak eta jesarleku bakarreko ibilgailu bat diseinatzeko behar diren sailak zehaztu ondoren, UPV/EHUko hainbat gradutako 19 ikasleko talde bat atera zuten aurrera, elkarrizketa-prozesu baten bidez, eta helburu nagusi bat lortzeko lehen urratsak ezarri zituzten: Montmeló-ko egoitzan lehen aldiz lehiatzea 2021ean. Garaiz iritsi dira. Abuztuaren 3ko astean Kataluniako herri horretan izango dira 'Bizkor 01' ibilgailuarekin.

Prestazio sinpleko lehen ibilgailu bat (errekuntza-motorra eta altzairuzko txasis tubularra) egitea erabaki zuten beste ekipo batzuek ez bezala, FSVitoriak lehiaketan historia egitea erabaki zuen, bere lehenengo jesarleku bakarreko ibilgailu elektrikoan karbono-zuntzezko monokaskoa eta lau gurpiletako trakzioa sartuz. Berrikuntza-maila hori betetzeko, taldeak hainbat erronkari egin zien aurre, hala nola bateriak kudeatzeko sistema propio bat egitea, material konposatuko saiakuntza-laborategi bat abian jartzea edo elementu mekanikoak fabrikatzeko CNC fresagailuak programatzea eta kontrolatzea. Hori guztia, Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolako 'layout' dinamikoko ikasgela batean, proiektuaren etapetara une bakoitzeko beharren arabera egokitu dena.

Bi urteko lana izan da komunitate oso bat harritzeko eta 2018an ezarritako berrikuntza-maila asetzeko ahaleginak egiteko. Hori lortzeko, taldea osatzen duten sail guzti-guztiek estatuko eta nazioarteko 60 enpresa baino gehiagoren eskutik egin dute lan, eta tokiko erakundeen laguntza finantzarioa izan dute. Guztiek hasieratik ulertu zuten FSVitoria tailer bateko hormetatik harago zihoala, eta gazteen ekintzailetza, berrikuntza eta enpresa-unibertsitate harremana bezalako balioek apustu irmoa merezi zutela.