1. Hasiera
  2. ‘Sarrailarik gabe. Emakume artistak Los Bragales bilduman’ erakusketa
Sin cerraduras

Información

Vital Fundazioa erakusketa-zentroak ikuspegi berri batetik hurbilduko gaitu ‘Los Bragales’ bildumara: Louise Bourgeois, Candida Höfer, Esther Ferrer edo Naia del Castillo bezalako emakumezko artisten ikuspegitik, besteak beste. Beren narratibek askotariko pertsonalitate artistikoak aurkezten dituzte, kasu batzuetan, edertasunera hurbiltzea dute helburu, baina beste batzuetan, gainera, emakumeak gizartean duen posizioaren errealitatea aztertzen duen hizkuntza aldarrikatzailea aurkezten dute. Erakusketak gaurkotasun handiko beste gai bat ere badu: naturaren eta gizakiak eraldatutako paisaiaren arteko borroka.  

Vital Fundazioa erakusketa-zentroak ‘Los Bragales’ bildumako beste pieza sorta bat hartu zuen 2020an, ‘Armoniak zuri-beltzean’ izeneko erakusketa batean, eta zuri-beltza ezaugarri komuna duten pinturak, bideoak, argazkiak edo eskulturak aurkeztu zituen. Gaurtik aurrera, bilduma horretako funtsen beste aukeraketa bat hartuko du gune honek: ‘Sarrailarik gabe’, eta oraingo honetan XX. mendetik hasi eta gaur egunera arteko emakume egile nabarmenenetako batzuen sorkuntzak erakutsiko ditu. Izenburua Virginia Woolfen esaldi batetik dator: "Ez dago nire gogoaren askatasunari inposatu diezaiokezun hesirik, sarrailarik, ezta morroilorik ere".

Erakusketa osatzen duten artista guztiak emakumeak dira, eta aniztasun handia dago haiek aukeratutako gaietan. XX. mendearen lehen erdian jaiotako emakumeen lanetatik hasi, esaterako Louise Bourgeois, Eva Lootz edo Rebecca Horn, zeinen begiradek emakumeen irudira hurbiltzen gaituzten; eta beste zenbait, hala nola Esther Ferrer edo Candida Höfer, emakumeak protagonista ez diren gaiak lantzen dituztenak. XX. mendeak aurrera egin ahala, estiloak garatzen jarraitzen dutela ikusten da, eta gero adierazpide gehiago daudela. Aldaketa estetikoak etengabeak dira: performancea, bideoartea eta instalazioak modu naturalean bizi dira prozedura tradizionalagoekin batera, hala nola marrazketarekin, grabatuarekin, eskulturarekin edo pinturarekin. Argazkigintza ahaztu gabe, adibidez, adierazpide gogokoen zuten pintura baztertu baitzuen emakume sortzaile batzuen kasuan, esaterako Nan Goldin, Hannah Collins, Montserrat Soto, Ellen Kooi, Julia Fullerton- Batten edo Rebeca Menéndez.

Aniztasun horri esker, askotariko gaiak ikus daitezke, hala nola gorputza, feminismoa, paisaia, ingurunea, sexua, salaketa, indarkeria, ekologia edo, batzuetan, edertasunaren edo emozioaren bilaketa bera.

Fernando Martínez de Viñasprek koordinatu du erakusketa, eta erakusketaren diseinuaren egilea ere bera dugu.