1. Hasiera
  2. Quinteto Zur
Quinteto Zur

Informazioa

Hiriko Jesus Guridi Musika Kontserbatorioko ikasle, lankide eta lagun ohi talde batek duela urtebete eskas sortu zuen Zur Kintetoa. Taldekide bakoitzak bere goi mailako ikasketak egin ondoren, elkarrekin musika egiteko eta haize eta zur boskote batentzat errepertorio interesgarriena ezagutzera emateko elkartzea erabaki zuten. Asier Urretak (tronpa), Ibon Barrigak (flauta), Blanca Garcia de Amezagak (oboea), Patricia Pazosek (fagota) eta Eider Garcia de la Torrek (klarinetea) osatzen dute taldea. Instrumentista diren aldetik, nazioko eta nazioarteko ospe handiko musikari ezberdinen eskolak jaso dituzte, musika-kultura aberats batetik elikatuz.

Eeskainiko duten emanaldian askotariko errepertorioa interpretatuko dute Ibert, Holst, Hindemith eta Paquito d 'Riveraren lanez osatua. Jacques Ibert-en ‘Tres Piezas Breves ' umorez betetako obra da. Erabilitako ideiak kafetegien edo zirkuen berezkoagoak dira kontzertu aretoenak baino, baina azaleko geruza horren azpian baliabide instrumentalen ustiapen integrala antzematen da. Gustav Holst-en "Op.14 haizerako boskotea", berriz, 1903an egin zen, eta lau mugimendu ditu, non konpositoreak instrumentu bakoitzaren ezaugarri eta nolakotasunak ahalik eta gehien ustiatzea lortzen duen, bai banaka, bai taldean.

Kontzertuaren bigarren zatiak Paul Hindemith izango du protagonista. Ganbera musikako bere ekoizpen itzelaren artean, non sonatak oso zutabe garrantzitsua diren, bere 'Kleine Kammermusik, Op.24 nº2' lanak musikagile hotzaren, intelektualaren eta errutinazkoaren inguruko ideia hori baztertzeko balio dezake. Bost mugimendu laburrei freskotasuna eta umorea darie, eta Stravinski bezalako konpositore handien eraginak ere aurkitzen ditugu. Azkenik, Paquito D'Rivera klarinetista eta saxofoi jotzaile kubatarrak haize kintetorako egindako 'Aires Tropicales' eskainiko dute. 7 mugimendu ditu, eta horietako bakoitza erritmo ezberdinetan eta abesti latino-amerikar herrikoietan oinarrituta, entzulea Hego Amerikako herrialdeetara eramaten dute zuzenean. Zazpietatik lau interpretatuko dituzte.

Programa

I. atala

  • Jacques Ibert (1890-1962)
    • 3 Pièces brèves
  • Gustav Holst (1874-1934)
    • Wind Quintet op.14

II. atala

  • Paul Hindemith (1895-1963)
    • Kleine Kammermusik Op.24 No.2
  • Paquito D´Rivera (1948)
    • Aires Tropicales

Sarrera-txartelen salmenta

Errezitaldi bakoitzerako sarrerak 2019ko urriaren 23tik aurrera salduko dira eta Kordoi Etxean (Aiztogile 24, beheko solairua) edo webgune honetan bertan eros daitezke.

Halaber, errezitaldi bakoitzerako sarrerak kontzertu egunean bertan eskura daitezke (eserlekurik badago), Vital Fundazioa Aretoan bertan, emanaldi bakoitza hasi baino ordu bete lehenagotik aurrera.

Ordainbidea banku-txartelaz da.

Kontsultatu denboraldiaren programa osoa hemen.