1. Hasiera
  2. Erakusketa ‘VI-siones, lau begirada’
Exposición ‘VI - siones, cuatro miradas’

Informazioa

Vital Fundazioaren erakusketa zentroan, belaunaldi eta disziplina desberdinetako lau artista arabarren artea ikusteko era partikularra ikusgai. ‘VI-siones, lau begirada’ erakusketak berrogeita hamar lan inguru jarri ditu ikusleen eskura, horietako zenbait formatu handikoak, urriaren 6ra arte ikusgai.

Erakusketaren protagonistak Juan Mieg, Miguel González de San Román eta Koko Rico dira, ibilbide sendoak, fidagarriak eta zehatzak dituztenak eta gazte bat, Amaia Ugarte, gorantz doan artista eta arte digitalaren ordezkaria. Artista horien lanak bideo batekin eta Antonio Altarriba idazle ospetsuaren kontakizunekin batera datoz. Bideoan lanean ikus daitezke artistak. Erakusketak Fernando Martínez de Viñaspre du komisarioa eta berak egin du erakusketa-diseinua.

Axier Urrestik, Vital Fundazioaren zuzendari nagusiak, zera nabarmendu du aurkezpenean: “arteak bideak irekitzeko gaitasuna du, eta bide horietan, estetikaren bitartez, munduari begiratzeko era bereziaren eta sentiberatasunaren bitartez, helmuga gure emozioak iratzartzea besterik ezin daiteke izan. Erakusketa honetan, bide hori egiteko lau era elkartu dira eta emaitza ezin daiteke ikusgarriagoa izan”.   

“Lau artista arabar dira, disziplina desberdinetakoak, bizi-ibilbide desberdinak dituztenak, hiru ospetsu dagoeneko eta promesa bat, eta artera eta bere adierazpen modu desberdinetara hurbiltzeko ikuspuntu berria ireki digute haien lanen bidez”, zehaztu du Axier Urrestik.

Juan Mieg, “geometriari musika jarri zion arkitektoa”, 70eko hamarkadaren eta arte abstraktuaren ordezkaria da. Formatu handiko hamar lan ekarri ditu erakusketara, San Románek baino bat gehiago. San Román espresionismo abstraktuaren pintorea eta 80ko belaunaldiko kidea; Altarribak honela deskribatzen du: “ideiei kolorea jarri zien filosofoa”.

Koko Ricoren 21 lanen eskutik dago presente 90eko hamarkada erakusketan. Adierazpen berriak, “zuhaitza izan zen gizonaren” eskultura figuratibo, surrealista eta oso pertsonala bilakatu dutenak. Brontzezko, burdinazko, zurezko piezak… ordura arteko euskal eskulturarekin apurtzen dutenak.

Amaia Ugartek, bere aldetik, adierazpen digitalaren belaunaldia darama erakusketara. 14 argazki-lan, zeintzuetan edizioa konposizioa bezain garrantzitsua den.