1. Hasiera
  2. Erakusketa ‘Mugarik gabeko koloreak’
Sala Araba Colores sin fronteras

Informazioa

‘Mugarik gabeko koloreak’ plataforma osatzen duten hogeita hamarretik gora artistak erakutsiko dituzte,  euren akuarelak, akrilikoak, olio-pinturak eta argazkiak Vital Fundazioaren Erakusketa Zentroko Araba aretoan, errefuxiatuei laguntzeko helburuak elkartuta. Bere lan bat izan da bakoitzaren ekarpena, CEAR Euskadiri laguntzeko xedeari jarraiki. Erakusketa maiatzaren 31ra arte izango da ikusgai.  

‘Mugarik gabeko koloreak’ plataforma urte honen hasieran sortu zuten hogeita hamar artista baino gehiagok, gehienak Vitoria-Gasteizen bizi direnak, indiferentzia eta ezezagunari zaion beldurrari aurre egiteko integrazio-programetan parte hartzeko helburuz, baita kultura-artekotasuna sustatzeko, errefuxiatuen arrazoiak ulertzeko, CEARek egiten duen lana zabaltzen laguntzeko eta boluntariotza bultzatzeko ere.

Araba aretoko erakusketa hori da aurreikusi diren hainbat urratsen lehendabizikoa. Erakusketa horretan estilo eta teknika anitzetako lanak ikus daitezke, hala nola akuarelak, akrilikoak, olio-pinturak eta argazkiak, hogeita hamar artista horiek eginak. Artisten artean pintore oso ezagunak aipa daitezke, esaterako, Paz Espada akuarela egilea,  Paz Larrumbide, 2018ko Arte Vital lehiaketaren irabazlea, zenbait pintore, esate baterako, Jorge López, José Antonio Larrauri Mugarik Gabeko Koloreen enblema bilakatu den ‘Europa la Gran Mentira’ bere eskulturaren eskutik, Ander Arenas, kasu honetan The Immigrant (Charlie Chaplinen filma) akrilikoan margotutako bere lanak ordezkatua eta beste artista asko.

Ia kuadro guztiak dira formatu ertainekoak eta nola edo hala errefuxiatuen arazoarekin zerikusiren bat dute. Erakusketan, (CEAR) Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordeak Euskadin egiten duen lana ere emango da ezagutzera eta liburu bat egongo da eskura, bisitariek ideiak, kritikak eta iruzkinak egin ditzaten.

CEAR-Euskadiren zuzendaria den Patricia Bárcenak dioenez, erreferentzia diren Europako beste herri batzuetatik oso urrun gaude errefuxiatuen harrera kopuruetan. Hala ere, “azken lau urteetan goraka esponentziala gertatu da asilo eskaeretan. Geratzeko etorri diren pertsonak dira, elkarren ondoan bizi gara” azaldu du. Horregatik, erakundeek eta instituzioek nahiz gizarteak aurrean dugun erronka azpimarratu du, eta elkarrekin eta koordinatuta jarduteari izugarrizko garrantzia eman dio, pertsona horiei harrera duina bermatzeko era bakarra dela esan baitu.