1. Hasiera
  2. Erakusketa 'Materiazko Kartografiak + Gastro pinturak' Juan Ayesta
Juan Ayesta

Informazioa

 ‘Materiazko kartografiak + Gastropinturak’ izenburu iradokitzailearen azpian, lehenengoz izango da ikusgai Arabako hiriburuan euskal artista horren bakarkako erakusketa bat. Aretoko gune nagusian, eremu zabala eta garbia, Ayestak formatu ertain eta handiko lan-aukeraketa bat eskainiko digu. Gune horretan kokatu da ‘Materiazko kartografiak’. “Mihise-leihotik egiten den noraezeko begirada” da, zeinetan egileak bere kezka gehienak aztertzen dituen. Artegatzen duen gai multzoak egoera errepikakorren gaineko hausnarketa egitera bultzatzen gaitu, non naturak bere indar telurikoa zabaltzen duen, gizakiak ingurumenaren gainean burutzen dituen ekintzetatik ere eratorrita.  

Egileak argudio-lerro horretan egiten du hausnarketa, eta suntsipena, deseraikitzea, berreraikitzea, materia, plastikotasuna, e.a. … presente daude bere bilakaera artistikoan. Naturaren mugimenduak, elementuen iraultza, kaosa balira bezala hautematen ditu gizakiak. Hondamendi naturalek munduaren aurrean dugun inpotentzia erakusten digute, eta hori transmititzen du Ayestak bere lanen bitartez.  

 

‘Gastropinturak’

Erakusketa horretan bertan, desberdinduta dagoen gune bat dago barnean, txikia, intimoagoa. Hortxe kokatu du ikusgai Juan Ayestak sorta berri bat, inoiz ikusi gabea bere ibilbidean, neurri txikiko lanez osatua. Nahita aukeratu du barneko gune hori, kapera balitz bezala, non espirituala gastronomikoaren inguruan dabilen. Egilearen asmotan gure kultura ondare nagusiari egindako omenaldi antzeko bat dago, ironia puntua duena. Esperimentazio plastikoaren bitartez, egileak materiaren birtualtasuna esploratu du, konposizioarena, kolorearena eta testurarena, non ikusmenak eragiten duen listua.   

 

Autodidakta

Autodidakta arte kontuetan, Juan Ayestaren esanetan (Beasain, 1960), Xabier Alvarez de Eulate pintoreari zor dio kolorearekiko eta konposizioarekiko sentiberatasuna. Hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran egin zen ezagun, gazteentzako Gipuzkoako hainbat lehiaketatan sariak lortu zituenean, eta horrek ekarri zizkion hainbat egonaldi Parisen. Eusko Jaurlaritzaren beka lortu zuen Arte Ederretan, eta Italian ere bizi izan zen hiru urte (1983-1986). Itzuli zenean, Industria Diseinuaren arloko lehenengo enpresetako bat sortu zuen beste kide batzuekin batera eta lan horretan jardun du hiru hamarkadatan, eta diseinu arloko aitzindarietako bat izan da Euskadin. Lan hori noiz behinka egin dituen pintura erakusketekin uztartu du. 2018an, aire zabaleko bere lehenengo eskultura-lana egin zuen, eta gaur egun, arte eta diseinuko proiektuetan aritzen da.