1. Hasiera
  2. Erakusketa 'Irudika'
Sala Luis de Ajuria Irudika

Informazioa

Irudika, ilustrazioaren nazioarteko topaketa profesionalak Maite Caballero, Genís Rigol eta Blanca Garaluce-ren lana aurkeztuko du Vital Fundazioaren Erakusketa Zentroko Luis de Ajuria erakusketa aretoan. Lan horiek Angoulême-ko Maison des Auteurs,  Bilbaoarte  baliabide zentroa eta Vitoria-Gasteizko Erdi Aroko  guneko Lanbide Zentroaren artean egindako erresidentzia artistikoaren epealdian egindakoak dira. Maiatzaren 24ra arte egongo dira ikusgai.  

‘Irudika erresidentziak 2019’ erakusketak artista bakoitza erresidentzia epealdian garatzen joan den proiektu pertsonala erakusten du. Erresidentzia epealdi hori martxoaren 15ean hasi zen eta erakusketa honetan amaituko da. Neurri txikiko ilustrazioen askotariko erakusgaiak egongo dira ikusgai, teknika mistoetan eginak, esaterako tinta, pastela, grafitoa, errotuladorea, spraya, arkatza… e.a. Lan horiek artista bakoitzak Irudikaren bigarren edizio honetarako erabilitako estilo berezia islatzen dute. Gainera, Irudika 2019ren kartela eta sustapen klipari dagokion proiekzioa erakutsiko dira.  

Irudikaren Erresidentzia-programak ilustratzaile eta animatzaile profesionalen sortze-lanaren eta nazioartekotzearen laguntza izatea du helburu eta hainbat erakunderen laguntzari esker burutzen da, hala nola Angoulême-ko Udala, Cité Internationale de la Bande Dessinée eta Bilbaoarte, baita Eusko Jaurlaritza, Vitoria-Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia, Vital Fundazioa, Kultura Ekintza eta Euskal Irudigileak.

Artistak

Maite Caballero, erresidentzia ilustrazio disziplinan, Donostian jaio zen 1984an. Ilustratzailea eta komiki marrazkigilea da. Akzesita Injuve Sarien komiki kategorian, Sortze-lan Gazterako 2012, zenbait lanetako ilustrazioak egin ditu, esaterako Basajaun eta Martin Ereinek argitaratua eta zenbait enkargu ere, besteak beste, Igartubeiti Museoa, Berria, Gaztezulo, Behinola edo Morsa argitaletxeko Vainica Doble kantutegia. Marrazki eta kontakizun asko ditu argitaratuta Maitek fanzine propioetan edo beste kolektibo batzuenetan eta Paula Estévez eta Mikel Larraioz marrazkilariekin batera argitaratu du Hijos Acabados aldizkaria. Horiekin batera izan da Izkutukoak erakusketa zikloaren komisarioa. Erakusketa horiek Donostiako Komikigunean egin ziren 2018an zehar. Guillotina autoedizio azokaren antolakuntzaren kide ere bada.

Genís Rigol, erresidentzia animazio kategorian, Esparregan jaio zen (Bartzelona) 1982an. Laus Saria lortu zuen 2016an, Olga Capdevila-rekin batera, Festival Blanc delakoaren kredituetarako egindako lanarengatik. Bartzelonako Gutterfest autoedizio jaialdiaren antolatzaileetako bat da. 2017an “The Animation Workshop” Danimarkako eskolan ikasi zuen, animazio eskola ospetsuenetakoa munduan. Knocktrike bere film laburra, Pau Anglada eta Marc Torices-ekin batera egina, mundu osoko jaialdietan izan da saritua eta hautatua, Sundance Film Festival 2019 barne. Beti autoedzioari lotua, proiektu askotan hartu du parte eta komiki bi argitaratu ditu. Animazioko bere prozesuak esperimentazio formala eta teknika uztartzen ditu.

Blanca Garalucek, diseinu grafiko arabarraren kategorian egin du erresidentzia. 1994an jaio zen diseinatzaile hori, Vitoria-Gasteizen, eta Bartzelonako Centre Universitari de Disseny i Art-en egin du Diseinu Grafikoa eta Web masterra. Gaur egun, diseinu grafikoan diharduen profesionala da, Bartzelonako paper margotuaren enpresa batean, eta bien bitartean proiektu pertsonal eta profesional txikiak egiten ditu ilustrazio arloan. Ilustrazio eta diseinu grafikoa uztartzea gustatzen zaio, batez ere editoriala, eta eskuz egiten diren teknikak baliatzea, esaterako serigrafia, materialak sortzeko. Etorkizunean ilustrazio ikastea du buruan, arlo horretan lan profesionalean aritzeko.  

Erresidentziak euren lana markatuko duten prozesu esperimentalak izan dira guztientzat. Blanca Garaluceren hitzetan: “marraztea eta kontatzea ekintzak ulertzeko era berrietara ireki dugu gure burua eta, hemendik aurrera, hori gurekin etorriko da betiko”.