1. Hasiera
  2. 'Bizitza ez da nahikoa' Erakusketa
Xabier Egaña

Informazioa

Xabier Egaña artistaren la ikusgarriaren berrogeita hamar urte luzeko ibilbidea jasotzen duen erakusketa.

‘Bizitza ez da nahikoa’ erakusketaren tituluak zera esan nahi du, egilearen ustez bizitzan gauzak egin behar direla eta ez bizitzatik igaro, beste barik. Premisa horri jarraiki, Vital Fundazioak bost hamarkada luzeko ibilbide hori prestatu du, Xabier Egañaren (Areeta, 1943) lan-ibilbide osoa birpasatzeko, bere etapa guztietan zehar. Bere haurtzaroko lehenengo oroitzapenetatik, Bilboko ibai ertzean, bizitza erlijiosoarekin espiritu frantziskotarrean izan zuen konpromisotik igarota, eta gero arte plastikoen arloan izan zuen irakasle-lana.

Egañaren lana luzea eta anitza da teknikatan, materialetan eta formatutan, intuitiboa eta esperimentala, azkarra gauzatzean, bere begirada gidatzen duen berezko sentiberatasuna duena. Gauza asko geratu dira 65 pieza bildu dituen erakusketa honetatik kanpo, horietako asko inoiz erakutsi gabeak, baina erakusten denak argi eta garbi ahalbidetzen du bere lanaren magnitudea eta kalitatea identifikatzea eta bere ibilbide izugarria. Zentzu horretan, lehenengo aldiz erakutsiko zaizkio publikoari Egañak bere ibilbidean egin dituen autore-liburuetako batzuk. Liburu horiek bere lengoaia intimoenaren eta pertsonalenaren atalak dira, eta egileak ideiak eta emozioak islatzen ditu bertan, bozetoak ere bai, eta bere egonezinak eta hausnarketak bildu eta jaso ditu liburu horietan.  

Erakusketa bereziki erakargarria izango da, Egañak berak zuzenean lanean ikusteko aukera emango baitu, murala egiten arituko baita aretoan bertan eta erakusketara doazen bisitariekin elkarreraginean.

Erakusketak ibilbidea egiten du hainbat garaitatik. Lehendabizikoa bere hastapenak, prestakuntza eta estimuluei buruzkoa da, eta 1962-1969 epealdia jasotzen du. Xabier Egaña Gerra Zibila amaitu berritan jaio zen eta Bigarren Mundu Gerraren ateetan. Bost anaia-arrebatatik zaharrena da, familia fededun, kristau eta langile batean. Hamazazpi urte zituela, bide erlijiosoa hartzea erabaki zuen, frantziskotarren ordenan. 1962an Filosofia ikasketak egin zituen Oliten, han, X. Alvarez de Eulate pintore frantziskotar ezagunarekin topo egin zuen. Eulate erabakigarria izan zen bere prestakuntza artistikoan. Oliten zegoela deskubritu zuen Lucio Muñozen lan abstraktua eta materiazkoa; Muñozek Arantzazuko Basilikako absidearen dekorazio murala amaituta baitzuen. Egañak urte horietan egin zituen lan gehienek daramate Muñozen eragin argia, estiloan nahiz teknikan. Garai hartan talka handia jaso Parisko Operaren sabairako  Marc Chagall-ek egindako pinturen argazkiak ikusi zituenean. Chagall-en indar poetikoak, lirismo adierazkorrak eta kolorearen erabileraren eztandak zalantza barik markatu zuten Egañaren etorkizuneko lana eta estiloa. 1968an, Jorge Oteiza Arantzazura itzuli zen, Basilikako fatxadako estatua-lanak amaitzera, apostoluen lanak amaitu zituen eta Pietatea zehaztu zuen. Egaña sarri zihoan eskultorearen tailerrera, eta urte luzeetarako izan zen adiskidetasuna eta estimu harremana sortu zen.

Estilo propiorantz (1970-1975)

Bere prestakuntza frantziskotarra amaituta, apaiz egin zen 1969an. 70eko hamarkadaren hasierako urteetan Madrilera bidali zuten, frankismoaren azken urteetan. Garai hartan, Goyari begiratu zion, fusilamenduen bigarren irakurketa eginez, eta lan horren gaineko hainbat estudio egin zituen. Une horietako beste erreferente bat Rembrandt izan zen. 1976an, Oteizak hala iradokita eta berarekin harremanetan izateko asmoz, Iruñean bizi izan zen. Han ikasi zuen grabatuaren teknika Eslava pintore eta grabatzaile ospetsuarekin. Garai hartako eta teknika horretan egindako zenbait grabatu daude ikusgai, zink gainean egindakoak. Garai hartan bere egiteko modu propioaren bila ari zen artista, estilo espresionistan, ikonografia erlijioso-kristaua une hartako gorabehera sozio-politikoekin nahastuz; hartara, estilo pertsonala eta ezagut daitekeena sortu zuen.

Arantzazuko Andre Mariaren ganberatxoa (1976-1978)

Arantzazuko Basilikako Andre Mariaren ganberatxoaren apainketa murala egiteko enkargua jaso ondoren, 1976 eta 1978 bitartean bozeto ugari egin zituen. 1978an, pintura muralak egin zituen, eta gai globala gizateriaren historia da. Zalantza barik, mural horiek mugarria dira bere ibilbide artistikoan, bere zeregin piktorikoaren erabateko heldutasuna lortu baitzuen ziklo horretan, askatasunean eta konbikzio osoz bere gain hartua, non bere estilo espresionistaren indar teluriko osoa zabaldu zuen, sustrai erlijiosoak eta humanistikoak dituena.

Materiazko esperimentazioa (1980-1986)

1980an, Monseñor Romero meza ematen ari zela El Salvadorren erail ostean, eskura zuena hartu zuen Egañak, eskuoihal zahar bat, eta collage bat egin zuen, Monseñor Romeroren omenez. Epealdi emankorraren hasiera izan zen, lan sorta bat, non esperimentatu egin zuen, estilo abstraktuan, oihalen mihiztadurarekin, konposizio arriskatuekin eta kolore biziekin. Horretarako, zegoeneko erabiltzen ez ziren jantzi liturgikoak erabili zituen, ezohiko materiala, baina adierazpen-indar izugarria zuena. Bere ibilbide osoko epealdi emankorrenetako eta indartsuenetako bat ireki zen orduan. Mihiztadura teknikaz egindako lanak garatzen jarraitu zuen, zeintzuetan oihalak eta zurak pinturarekin uztartzen zituen. Garai horretatik ‘Ikaroren tresna’ triptikoa nabarmentzen da. Makilez eta trapuz egindako gurutze saila ere, eta aurrerago, totem-leihoetara iritsi zen, eskultura-lanak, zur polikromatuan eginak.

Familia eta pertsonak (1987-1990)

1986an ordena frantziskotarra utzi zuen, bizitza erlijiosoari hogeita sei urte eman ondoren. Hortaz, bere bizi-esperientzia eraldatu zuen, familia bat osatzeko. Atzera-egite urteak izan ziren pintorearentzat, familia-bizitzaz erabat gozatzeko. Urte horietan, batez ere mihise gaineko pinturak egin zituen eta proiektu anitzetan esperimentatzen ere hasi zen, espazio irekietarako eskultura lanetan, hain zuzen ere, eta eskalan egindako maketatan islatu zituen. Proiektu horien gehiengoa ez zen gauzatu, baina garapen espaziala eta kolorista ahalbidetu zioten artistari, beste estilo batzuetan.

Bidegabekeria eta giza oinazea (1991-1999)

Laurogeita hamarreko hamarkadako lehenengo urteak aztoratuak izan ziren Europan, sobietarren orbitako herrialdeen deskonposaketak eraginda. Egoera horretan, Egañak berriz ere jarri zuen gaiaren jomuga pertsonaren oinazean, gerra gatazka horiei buruz argitaratzen ziren berri eta irudiek akuilatuta. Garai hartako lan esanguratsuak dira Croacia, Un Cristo para Bosnia, Cruces, cementerio y aldaba eta honako collage hauek: La poesía de las flores, Hacer algo con La Menina eta Orgullo nacional.

Iraganeko artea aitzaki (2000-2009)

Mendeko lehenengo hamarkadan, artearen ikur ziren lanetara bota zuen bere begirada Egañak, non indarrez hartu zuen, berriz ere, mihiztaduraren teknika, material berrerabiliak erabiliz, egurrak, txapak, zinka, letoia eta kobrea, paper gaineko marrazkiekin eta teknika eta euskarri batzuetan egindako pinturekin uztartuta. Erabateko sortze-askatasunaren laburpena, non dena izan daitekeen uztartua eta mihiztatua, konposizio plastiko berrien zerbitzura. Mendebaldeko pinturaren lan ikonikoen birkreazioak sortu ziren horrela, maisu handien berrirakurketak balira bezala, esaterako, Botticelli, Rubens, Tiziano, Velázquez, Manet eta Picasso…Gernika gogoratuz.

Bizitzarako pinturak (2010-2017)

2010ean, pintura muralen beste ziklo bat egitea proposatu zioten, San Migel elizako barruko hormak apaintzeko, Antezana-Andetxan, Vital Fundazioaren laguntza duen lana. Egañak motibazio handiz heldu zion lan horri, erabateko heldutasuneko une batean. Horrela heldu zion lan titaniko horri, nahiz eta adinean gora joan, eta urte bi eman zituen bere motibazioak sustatuko zituzten bozetoak egiten (2010-12) eta beste bost bakardadean lana burutzen. Ia-ia hasieratik Bizitzarako Pinturak titulua eman zion lan-sail horri, Xabier Egañak Antezana-Andetxa herriari oparitu dio lan muralista izugarria, eta ondorioz, euskal kulturaren ondareari.