1. Hasiera
  2. '365' Eugenio Recuenco
Expo 1905 SFV '365'

Informazioa

Vital Fundazioa erakusketa zentroan (Posta 13-15, Vitoria-Gasteiz),  ekainaren 30era arte, Eugenio Recuenco argazkilari madrildarraren ‘365º’ lana dago jendaurrean ikusgai. Arabako hiriburuaren erdialdean kokatuta dagoen erakusketa gune horrek esperientzia sentsoriala eskainiko dio ikusleari, argazkitik harago doan esperientzia. Argi kutxetan muntatu dira argazkiak eta urteko egun bakoitza irudikatzen duten irudiak atzetik argiztatuta erakutsiko dira. Gainera, argi hori izango da aretoan egongo den bakarra.

Proiektu pertsonal horretan zortzi urte lanean eman ondoren, Eugenio Recuenco argazkilariak ‘365º’ bere lana aurkeztu du Vitoria-Gasteizen, María Toral komisario duela eta Fernando Martínez Viñaspre koordinatzailea eta erakusketaren diseinatzailea. Erakusketa horretan formatu handiko argazkiak aurkeztu ditu artistak, 1,33 x 1 m neurria duten argi-kutxen gainean muntatuak, artistaren bizitzako denboraren hausnarketari buruzko ibilbide introspektiboa eta emozionala eratzen dutenak. “Argazki bakoitza, berez, bada interesgarria, proiektu hau berezi egiten duen zerbait dago: erakusketa osoaren dimentsio monumentala, bai kontzeptuala, bai fisikoa”, adierazi du aurkezpenean Axier Urresti Vital Fundazioaren zuzendari nagusiak.      

Artea, moda eta zinemari buruz hitz egiten diguten 365 historia. Ekologiari eta teknologiari buruz. Zientziari eta erlijioari buruz. XX. mendeko historiari buruz, leku komunei buruz, eta gure ekintzen absurduari buruz. Espazioarekin jolasten duten argazkiak, zentzumenei ziria sartzeko eta emozioa maitemintzeko, eta errealitatea disekzionatzen dutenak, ispilu baten aurreak koka gaitezen eta parte hartzera gonbida gaitzaten.

Historia guztiak gertatu dira leku batean, bada, irudi bakoitzean garrantzi bera dute leku horrek eta kontatzen den historiak. Ia lau metroko altuera eta bi eta erdi luzeko zabalera eta sakonera duen kutxa bat, leiho txiki batekin, zeinetatik iristen diren kanpoko estimuluak.

Irudi guztiak sortu dira argazkiak atzetik eztiki argiztatzen dituzten argi-kutxa independenteetan. Lanen markoak elkarri itsatsita daude, espazioetan zabaltzeko eta espazio horiek betetzeko, haien artean lotuta geratzeko. Horrela, inguratzen duen argazki-mundu batean murgilduta geratuko da ikuslea; era berritzailean aurkeztuta, erakargarrian eta leunean.  

Recuencoren hitzetan, 365 proiektuan hiru irakurketa-maila daude: lehenengo mailan, eta ‘kontenplatzeak dakarren plazerra’  lelopean, estetika sartzen da jokoan, izan ere, artista ez da behin ere estetika hori mugatzen saiatu. 365eko argazkiak ikusteko irudi atseginak dira, ikuslea harritu dezaketenak errealitatea eta fantasia nahasten dutelako, eta iragana eta oraina bat egiten direlako, oroitzapenak eta errealitatea hartualdi bakarrean, noizbait amestu ziren pertsonaia sinesgaitzen bitartez.   

Bigarren jolas-maila bat dago, ‘ulertzeak dakarren satisfakzioa’ deritzona, zeinetan ikusleak argazki guztietan agertzen den egutegia non dagoen bilatzen duen; batzuetan nabarmenagoa da eta beste batzuetan ez da hain erraz ikusten. Artearen edo zinemaren historiaren pasarteei ere zenbait erreferentzia egiten zaizkie; edo identifikatu egin daitezkeen iraganeko historiako gertakizunak agertzen dira. 

‘Ulermena eta erantzuna’ da hirugarren maila, eta argazki bakoitzaren diskurtso propioa dugu hemen. Batzuetan kritikoak dira bizi dugun munduarekin, beste batzuetan umoretsuak eta beste batzuetan artistaren zertzelada autobiografikoak dituzte. Recuencok bizi izan duen gizartearen eta munduaren irudia egitea dute helburu argazkiek, eta nola sentitu duen erakustea ere bai. Horregatik, kasu batzuetan, historia ezagunak aurkezten ditu, artistaren bizipenak deformatu dituen historiak, eta ikuslea deseroso sentiarazi ditzakete berak duen irudiarekin bat ez baitatoz. “Baina, non dago akatsa? Nire erakusketan edo manipulatua ere izan den zuen ezagutzan?”, galdetu du egileak.