1. Hasiera
  2. Eskultura-ibilbidea

Eskultura-ibilbideaOndarea

Sustraiak. Rivabellosa

  • Egilea: Javier Santurtún Leániz
  • Neurria: 5,50 x 4,50 x 2,30 m
  • Materiala: Altzairua
  • Gauzatzea: Tkalme
  • Kokalekua: Fernando Fernández Anuncibay plaza. Rivabellosa

Proiektu honek gure herrietako askok izan duten landa-jarduerari omenaldia egin nahi dio, XX. mendeak ekarri zigun industrializazioa gorabehera, oraindik ere bizirik dirauena. Landa-eremu horretan gure sustraiak daude askotan, eta egun ere gure oroimena hunkitu egiten da hori gogora ekartzen diguten kultura-ekintzak ezagutzen ditugunean.

Eskultura honek landa-eremua irudikatzen duen elementu bereizgarria jasotzen du: idien gurdia. Bere irudia eta egitura erdibituz, formak zatituta, hanpatuta eta beste ordena batean agertzen dira, eta planteamendu estetiko nahiz eskultorikoaren zerbitzura, masak arintzen dituen eta hutsuneak bitarteko diren konposizioa eskaintzen du. Hala ere, gurdiaren eta bere osagarrien kontzeptua eta irudia mantentzen dira, eta aspaldiko zama-ibilgailu honen biribiltasuna galdu gabe aurkezten dira. Eskulturaren antolamendu lasaia eta orekatuak -lasaitasun sentsazio horrek -gurdi haiek ekarri nahi ditu gogora, mutu eta bizigabe, baserrien atarian “atsedena hartzen”, eta hain oinarrizkoak eta egunerokoak diren formek ere izan dezaketen edertasuna erakusten digu.

Albiko Trikuharri II. Berantevilla

  • Egilea: Elena Asins
  • Neurriak: 1 x 8 x 1 m
  • Materiala: Harria
  • Gauzatzea: Ingemar. Usurbil
  • Kokapena: Ibaiaren pasealekua. Berantevilla

Aurkeztutako lana 8 kubok osatzen dute. Hauetako bakoitzak metro kubiko bateko neurria du.

Lanaren interesa bere konbinatorian dago, piezen artean ezarritako diskurtsoan ia amaigabeak diren harremanak sortzeko duen gaitasunean, megalitoari dagokionez egin dudan lanean zehar, pieza bakoitzak izaera berezia eta jarraitua duen ebaketa jaso duelako. Horrela deitzen da nire etxebizitza Albiko Trikuharritik hurbil dagoelako.  Trikuharri hori Aralarko Santutegira joateko bidean dago, 12. kilometroan Lekunberritik hasita, eta erraz ikus daiteke ia-ia errepidearen ertzean dagoelako.

Ebaketak berdinak baina simetrikoak dira, 4 eskuinean eta 4 ezkerrean. Horrela, errepikapena saihesten da, eta piezen kokapenaz eta harremanez jolasean hausnartzen da, aldaketak sortzeko eta aldaketarako aukerak sortzeko.

Oteizaren eta Serraren arteko elkarrizketak. Amurrio

  • Egilea: Imanol Marrodán Bernabé
  • Neurriak: 6,5 metroko altuera
  • Materiala: Corten altzairua eta epoxi pintura
  • Gauzatzea: Hormecal
  • Kokapena: Bañuetako Kiroldegia. Amurrio

Lan hau egitera eraman nauen oinarrizko ideia honakoa da: espazioaren okupazio eza eta hutsaren osaera forma-konpresioaren bidezkoa.

Espazioa kondentsatzeko eta trinkotzeko gai izango zen egitura osatu nahi nuen, zabala baina aldi berean itxia. Horrela, egitura: 6,50 metro diametroko kono zilindrikoa bere oinarrian, bederatzi tonakoa, airean eskegita, lurrean ainguraketa-puntu bakarra duena; era horretan, konoaren kanpoko hormarekin Malevich bertikala osatzen du.

Osotasunak espazio eta zirrara ezegonkortasun sentsazioa sortzen digu, itxurazko mugimenduak areagotua; badirudi barrura sartzera gonbidatzen gaituela gero ixteko, barnean gu harrapatuta, maskor erraldoia balitz bezala. Lanaren kokapenak barrura sartzeko aukera ematen digu; barnea urdin ilunez margotuta dago, barruan airea trinkotu egiten delako eta dentsoagoa delako sentsazioa areagotzeko.

Eskultura hau forma eta espazioaren arteko elkarrizketaren inguruko planteamenduen eboluzio logikoan egin dudan ekarpen xumea da. Planteamendu horiek eskultore handiak diren Jorge Oteizak eta Richard Serrak ikasi zituzten. Nire omenaldi berezia bientzat.

Bilatzen. Okondo

  • Egilea: Marko Ibáñez de Matauko
  • Neurriak: 3,5 x 0,9 x 0,7 m
  • Materiala: Brontze patinatua
  • Gauzatzea: Bronceder
  • Kokapena: Monseñor Setién urbanizazioa. Okondo

Lanak oinez dabilen gizon baten profila era sintetikoan erakusten digu. Hiru metroko altuera dauka, beltzez eta berdez dago patinatuta eta granito berdeak estaltzen duen hormigoizko oinarriaren gainean jarrita dago. Lana jartzeko aukeratutako tokia hariztia izan denez, zuhaitz baten enborra gogorarazten digun forma geometrikoa hautatu dut, espazioan enbarazu ez egiteko eta inguruarekin mimetizatzeko. Eskultura gizon baten profilaren zatikatze geometrikotik abiatzen da, urrezko zenbakia neurritzat hartuta.

Elkarren gainean jarrita dauden bost poliedrok osatzen dute, hankei, pelbisari, enborrari, lepoari eta buruari dagozkienak. Funtsezkoaren bila, lanaren irakurketan era sinbolikoan adierazita. Gauzatzeko, lauetako lehenengoak gizonak bere profilean idatzita duen hatz-markaren lerroak erakusten dizkigu, bigarrena eta hirugarrena denbora, bizitza eta mugimendua dira, eta laugarrena ubera da, itzala, gero eta hurbilago duen hutsa.

Manifestazioa. Santikurutze Kanpezu

  • Egilea: Miguel Gozalbo Torres
  • Neurriak: 1,9 x 2,22 x 0,96 m
  • Materiala: Corten altzairua
  • Gauzatzea: Miguel Gozalbo Torres
  • Kokapena: Samuel Picaza plaza, z/g. Santikurutze Kanpezu

Eskulturaren kokapena dela eta, hesiaren ondoan eta udaletxearen parean, proiektuaren bidez iragana (hesia, bizilagunak babesteko) orainarekin (udalak herriaren administrazioaren lana egiten du, ia mota guztietakoa) uztartzen saiatu naiz. Horretarako, hesiaren forma liraindu dut, zutik dauden pertsona  bihurtuz, udaletxearen aurrean manifestazioan, euren hankak eta pankarta irudikatze hutsez.

Horren bitartez, populazioaren, Santikurutze Kanpezun bizi den jendearen garrantzia nabarmendu nahi dut, haiengatik eraiki zelako hesia eta haiek dituelako Udalak izateko arrazoi; haiek dira euren historiaren benetako protagonistak.

Erabilitako materiala corten altzairua da. Oxiebaketaren bidez eskulturaren alde ahurra eta ganbila moztu ziren, eta hauei aldeetako ertzak soldatu zitzaizkien. Gero bi alde hauetako goiko formak forjatu ziren dagozkien mugimendua eta era emateko eta azkenik goiko ertza soldatu zen, 7 zirkulu forjatuk eta 21 pletinak osatua. Ondoren soldadurak harriz landu ziren eta leundu ziren, denborak corten altzairuari berezkoa duen akabera (oxidazioa) eman diezaion. 

Oreka. Urizaharra

  • Egilea: Andrés Jaque Ovejero
  • Neurriak: 8 x 4 x 4,6 m
  • Materiala: Altzairu herdoilgaitz hondatua eta epoxi pintura-bandak
  • Gauzatzea: Temsa
  • Kokapena:  Kontzeju kalea, Udaletxearen  iparraldeko aldea. Urizaharra.

Urizaharrak kokapen aparta du, bertatik hodeien mugimendu etengabea eta eguzkiarekin nahiz paisaiarekin duten interakzioa ikus daitekeelako.

Hodeien estalki aldakorpean, Urizaharreko eraikiak eta kaleak geratzeko borondatea duten material astunezko ertz zorrotzen geometriak tinko definituta daude. Urizaharreko hiri-guneen sisteman muga zehaztugabeko elementua sartzea izan da asmoa. Lanak paisaiaren materiarik gabeko elementuak abstrakzio eta berreraikitze prozesu baten bidez gogora ekartzea du helburu.

Bidaiariak. Laguardia

  • Egilea: Koko Rico
  • Neurriak: 2,20 x 1,10 x 0,85 m y 2,10 x 1,06 x 0,85 m
  • Materiala: Brontzea corten altzairuaren gainean
  • Gauzatzea: Bronceder
  • Kokapena: Gaita-jotzaileen plaza. Laguardia

Laguardiarako aurkezten dudan eskultura-proiektuak mahaia itxurako bi gainazal ditu, erdiko hanka batek eutsiak. Lehenengoaren gainean mota eta neurri desberdineko maletak eta bidaia-poltsak daude, eta bestean, zapata, bota pareak, oinetako mota desberdinak.

Objektu guztiak brontzean urtuta daude benetako neurrian, eta oso akabera errealista dute. Proiektu honen oinarrizko ideia “bidaia” da, eta zehatzago berau gogoratzea, geratzen den arrastoa, uzten diguna eta uzten duguna. Bidaiarekin lotutako gauza batek, zapata batzuek, maleta batek, nola oroitzapenez bete gaitzakeen, egoerak eta momentuak berriro bizitzeko. Horren inguruko hausnarketa da.

Eskultura jartzeko aukeratu den tokia kontuan hartuta, kontzeptu klasikoa eta garaikidea uztartzen dituen proiektua hautatu dut, aldeak alde, natura hilaren tradiziotik edaten duena baina eskulturari egokitua.

Kiribila. Oion

  • Egilea: Cristina Fontsaré
  • Neurriak: 6,20 x 8 x 5,2 m
  • Materiala: Altzairu lakatua
  • Gauzatzea: Tecnocal
  • Kokapena: Río Grande parkea. Oion

Lana mugimendu kiribila marrazten duen inguratzaile etengabea da. Ibilbide gisa garatzen da, elkarrekin gurutzatzen diren marrek mugatutako etengabeko espazioa, non hasiera eta amaiera nahasten diren.

Egitura bere baitan garatzen eta tolesten da, eta bere barruan ibiltzeko espazio bat eratzen du, dinamikoa eta aktiboa. Aurretiko espazioa definitzen du, trinkotzen du, eta horizontalean nahiz bertikalean hausten du. Formak ikusleari lanaz arin jabetzea errazten dion abiadura ematen dio lanari. Lana erlazioak ezartzeko, loturak aurkitzeko saiakera da. Proiektua  gauzen, inguruaren eta gizakiaren arteko erlazio eta elkarrizketarako ahalmena  sortzen saiatzen da. Hiriaren sarearen barruko espaziorako erreferentzia-elementu bihurtu, bizilagunen psikogeografiaren partaide izateko eta euren hiriaren zein ibilbidearen elementu gisa identifika dezaten.

Eraikitzeko aukeratutako materiala corten altzairua da, hiri-guneetan dauden lanetarako oso egokia dena, benetan gogorra eta iraunkorra delako kanpoaldean ere. Bere egitura-izaera dela eta, lanari formaren adierazpen osoa eta eraikuntzaren zintzotasuna ematen dio.

Eraldaketa. Agurain

  • Egilea: José Zugasti
  • Neurriak: 3,5 x 4 x 3,5 m
  • Materiala: Barra zulatua
  • Gauzatzea Alfa-arte
  • Kokapena: Kale Nagusiaren eta Zapatari kalearen kantoia. Agurain

Gardentasuna zaintzea lana hiriaren osotasunean eta kokalekuaren ezaugarrietan ahalik eta ondoen integratzeko, moldatzeko, bat egiteko. Gune horretako trafikorako biribilgunea; bertatik etengabe pasatzen dira autoak, eta pertsonak. Horientzat ezinbestekoa da euren ingurua begiz menderatzea, espazio horretatik mugitzen direnean seguruago sentitzeko.

Ingurutik mugitzean edo biratzean sortutako dinamismoagatiko mugimenduaren seinalearen baieztapena, batez ere lanaren zirkunferentzia jarraituak eta forma itxiak direla eta. Saritutako lanari helduta, iruditzen zait formen dinamismoak sortutako ezegonkortasun-sentsazioak eta beheko partean aroen pilaketak eragindako nolabaiteko pisuarenak direla ikusmen-emozio, iradokizun eta topaketa jakin batzuetara eramaten gaituztenak eraldatutako espazio horretan.

Uraren poesia. Araia

  • Egilea: Juanjo Gurrea
  • Neurriak: 1,75 x 2,65 x 5,30 m
  • Materiala: Corten altzairua y altzairu herdoilgaitzezko hodia
  • Gauzatzea: Leorte, S.A.
  • Kokapena: Intuxi, 48. Araia

Antzinako zentral elektriko baten ondoko gunean dagoen eskultura urari egindako alegoria da.

Piramide formako corten altzairuzko egiturak barnean bere industria iragana irudikatzen du, ura indar bihurtzeko lana, bere garaia… Ura nahi duen bezala  dario egitura honetatik, leuntasunez bihurrikatzen da, lurrarekin bat egin baino lehen, kanpoan poesia doinua deskribatzeko. Corten altzairuaren eta altzairu herdoilgaitzaren arteko kontrasteak (ispiluaren distira-efektua) lanari xarma berezia ematen dio, bai bere formengatik bai espazioarekin egiten duen jolasarengatik ere.

Inplosioa. Armentia

  • Egilea: Daniel Castillejo Mejías
  • Neurriak: 4,40 x 2,60 m
  • Materiala:  Beroan ijeztutako altzairu herdoilgaitzezko xafla
  • Gauzatzea: Radiadores César
  • Kokapena: Armentiako Bidea kalea. Armentia

Sentsibilizatutako objektuaz, espazioaz eta mugimenduaz hitz egiteak eskultura definitzen du, eta horrekin batera esan genezake nolabait gu ere kontzeptu horietan islatuta gaudela. Bizitza paraleloak ditugu, eta beharbada, eskultura gure irudirik onena da.

 “Implosión /Inplosioa” lanak aurkitze-ekintzaren alegoria izan nahi du, sortzeko tentsioarena, pieza honetan bere hutsean nabarmentzen diren kontzeptu hauen arteko harremanarena. Barruko presioa kanpokoa baino txikiagoa denean sortzen den leherketa da. Objektu hutsa, barrualde-kanpoalde dualtasuna eusten den indarrean eta etengabeko elkarrizketan erakusteko nabarmendua.

Armentiako espazioa, hausnarketarako kontzeptuez beteta. Hirigunearen inguruko espazioa, naturagune baten erdian Gasteiz izan litekeen eskultura-hiriari buruzko metafora egiteko euskarri ezin hobea. Tokiaren jai giroko xede atsegin hutsa baino urrunago joateko saiakera, ikur bihurtzeko. Bere inguruan biratzean lanak bere baitan duen mugimendua, jolas zehatzean eta zolian, ezer ez dela aldatzen iradokitzeko bezain leuna, une oro erabat desberdina den arren.

“Implosión /Inplosioa hauxe da”.

Lau ostertzak. Murgia

  • Egilea: Paco San Miguel
  • Neurriak:
    •    1. pieza: 1,60 x 1,40 x 0,51 m
    •    2. pieza: 1,32 x 1,32 x 0,44 m
    •    3. pieza: 1,30 x 1,20 x 1,20 m
    •    4. pieza: 1,32 x 1,32 x 0,42 m
  • Materiala: Macael marmol zuria
  • Gauzatzea: Paco San Miguel
  • Kokapena: San Martin kaleko lorategiak. Murgia

“Ama” eskultura nagusia. Zirkulua, erdigunea, gurutzea, karratua: oinarrizko lau ikur, gehi triangelua elkartzen dira eta haien artean harremanak izaten dituzte, elementu nagusia osatu arte. Ama, elementu nagusia, haiek guztiak lotzen dituen indar sinbolikoa  Berak barneko zirrikituetatik arnasa hartzen eta botatzen du, lau ertzetan zabaltzen da, lau norabidetan, paisaiarantz, zerurantz eta lurrerantz. Hiru harengandik irteten dira eta gorputza hartzen dute, haien formarekin, haien hizkuntzarekin, baina beti ere berarekin solasean.

Karratuaren eta triangeluaren eskultura: karratua lurra da, espazioaren oinarrizko irudia. Gurutzea: Bertan zerua eta lurra elkartzen dira, denbora eta espazioa, barrua eta zabalkuntza.

Zirkulua -kiribila: Zirkulua zeru kosmikoaren ikurra. Kiribila eboluzioa. Denboraren oinarrizko irudia da.

Cuatro Horizontes- Lau Ostertzak lana espazioaren arkitekturan eta egituran inspiratzen da, ludikoaren erakarpena bilatzen du, sentitzeko jokoa, espazio tridimentsionalean oinarrizko ikurren indarra.

Korapiloak. Ibarra

  • Egilea: Miguel Etxeberria
  • Neurriak:
    •     1.a: 2,55 x 2 x 1,15 m
    •     2.a: 1,35 x 1,15 x 1,15 m
  • Materiala: Corten altzairua
  • Gauzatzea: Calderería Apalategui
  • Kokapena: Nardeaga kalea. Ibarra

Aramaioko haranaren historiak burdingintzarekin izan duen lotura garrantzitsua aintzat hartzen dut,  elaborazio-prozesuan parte hartzen duen ezinbesteko elementu batean oinarrituta. Proposatutako tokia ibaitik hurbil dagoela ikusirik, bertara eramaten dut nire kokalekua.

Proiektua osatzen duten elementuak ibaiaren bi aldeetan jarrita, ura proposamenari benetakotasuna ematen dion engranajea abian jartzen duen ezinbesteko egile bihurtu nahi izan dut. Jokabide  horrek jarritako multzoa indartzen du, formak aldarazten ditu jarduera bat (burdinolena) testuinguru historikoan ulertzeko.